XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ordu erdi ondoren edo, lantegi hutsaren izkina batera joaten zen Pirata, kentzen zizkion zakuak gurdiari, eta arratsaldero leku berean lurperatzen zuen aizkora ateratzen zuen.

Gero mendian gora bultzatzen zuen gurdia, basoraino, zuhaitz ihar bat aurkitzen zuen arte, zotzez betea izaten zena.

Eguerdirako bazeukan egur sorta eder bat bildua; eta orduan, oraindik ere zakurrak atzetik segika zituela, kaleetan barrena ibiltzen zen, egur piloa hogeita bost xentimotan saltzen zuen arte.

Hori guztia ikusi egin zitekeen; diruarekin zer egiten zuen ordea, inortxok ere ez zekien.

Gastatu, sekula ez zuen ezer gastatzen.

Gauean, zakurren babespean, basora joaten zen, eta han eguneko dirua ezkutatzen zuen aurreko egunetakoarekin batera.

Nonbaiten bazeukan Piratak diru altxor handi bat.

Pilonek, gizon zorrotz hark, ez baitzioten ihes egiten bere herkideen bizitzaren xehetasunek, eta bi bider pozten baitzen bere ezagunen buruan habia sakona egina zuten sekretuetara iristeagatik, prozesu logiko baten bidez deskubritu zuen Pirataren altxorra.

Hau zen Pilonen argudioa: Piratak hogeita bost xentimo ateratzen ditu egunero.

Bi hamarreko eta bosteko bat badira, dendaren batera eraman eta hogeita bost xentimoko pieza bat emango diote.

Sekula ez du batere gastatzen.

Ezkutatu egiten du beraz.

Altxorraren zenbatekoa kalkulatzen saiatu zen Pilon.

Urteak eta urteak zeramatzan Piratak bizimodu harekin.

Astean sei egunez egurra mozten zuen, eta larunbatetan elizara joaten zen.

Arropak etxeen atzeko ateetatik ateratzen zituen, jatetxeen atzeko ateetatik jatena.

Denbora puska batean zenbaki handiekin ibili zen Pilon kalkuluetan, eta azkenean utzi egin zuen.